Azken urteetan asko hitz egin da hodei konputazioari eta gure datuen pribatutasunari buruz. Horri lotuta, hainbat famaturi euren iCloud kontutik argazki pribatuak lapurtu eta zabaldu ostean, bolo-bolo dabil, ‘CelebGate’ delakoa. Zure datuak behar bezala gordetzeko, jarraitu ondoko argibideak.
Sareko informazioaren segurtasun faltari irtenbidea bilatzeko asmoz, Apple, Google, Microsoft, Dropbox eta, orohar, hodei konputazioan oinarritutako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak lan handia egiten ari dira datuen segurtasuna bermatzeko ahaleginean. Horrek, baina, ez du esan nahi datuak filtratu ezin direnik.
Dena den, enpresa horien esfortzuak ez du ezertarako balio erabiltzaileok sarean nabigatzeko eta gure datuen segurtasuna bermatzeko egin behar duguna egiten ez badugu. Garrantzitsua eta erraza da, hasteko, gure sistema eragilea eta nabigatzailea –Google Chrome, Internet Explorer zein Firefox– eguneratuta izatea. Normalean, ordenagailuak ematen du eguneraketen berri, eta soilik instalazioa baieztatu behar du erabiltzaileak.
Bestalde, pasahitza ondo aukeratzea ere garrantzitsua da. Normalean, jendeak ez du pasahitz segurua aukeratzeko denbora gehiegirik hartzen, eta ondorioz, kontuak erasotzea erraza izaten da. Pasahitzek gutxienez zortzi karaktere izan behar dituzte eta letra xeheak, larriak, karaktere bereziak eta zenbakiak nahasi behar dira, modu horretan, 30.000 konbinazio posible izango baititu erasotzaileak.
Azkenaldian, gainera, Google, Dropbox eta Apple bezalako enpresek bi pausotan egin beharreko egiaztapen sistema jarri dute martxan, pasahitza eta telefono mugikorra uztartzen dituena. Funtzionamendua oso erraza da; Google kontua adibide hartuta azaldu daiteke. Lehendabizi, erabiltzailearen telefono zenbakia zehaztu behar dugu, eta ostean, Google kontuan saioa hasterakoan kode bat bidaliko digute gure mugikorrera. Horrela, ordenagailu berri batetik kontura sartu nahi dugun bakoitzean, mugikorra eskura izatea beharrezkoa izango da.