-->

2015(e)ko otsailaren 11(a), asteazkena

POSTARIA (Deskribapena)


POSTARIA

Iratzargailu zaharraren soinu neketsuak esnatu ninduen. Goizeko zazpiak ziren eta hirian oraindik gauean piztuta egoten ziren kale-argiak baino ez ziren ikusten, baina lehenengo solairuko apartamentuan, goiz haietan nahikoa zen gutxi gorabehera ikusi ahal izateko.
Ohetik altxatu nintzen erdi lo, eta komunera joatean, atearen kontra jo nuen burua.
"Ederto, orain marka egongo zen egun osorako".


Apartamentua oso hotz zegoen, beraz, nahi nuen bakarra esnatzean, dutxa beroa hartzea zen eta hala egin nuen.
Dutxatik atera ondoren, gosari azkarra hartu eta uniforme berria jantzi nuen, jarraian kalera irteteko.
Lehen unetik haize bolada batek agurtu ninduen aurpegian joaz eta nire azal guztia dardarka hasi zen kontrolik gabe. "Zelako hotza egiten duen, eta udaren hasieran gaude!".
Gainera, nire uniforme urdineko praka urdin motzek eta manga laburreko kamiseta horiak ez zuten ezer estaltzen.
Beharbada, Viena ez da  inoiz bero handiko hiria izan. Nahiz eta urte bat eraman hiri zoragarri honetan, momentuz ez nintzen eguraldi aldaketa haietara ohitzen, eta nire Almeria maitea beti gogoan nuen halako egunetan; baina Vienan postari lana atera zitzaidala  esan zidatenean, ez nuen bi aldiz pentsatu.
Ameskeriak eta pentsamendu haiek buruan bueltaka, ataritik atera nintzen postetxerantz.
Kalea goizeko zortzi eta erdietan lo balego bezala zirudien: autoak motel-motel joaten ziren errepideetatik, gidariak lanera ailegatzearen beldur izango balira bezala, edo beharbada denbora tarte labur hori luzatzeko ahaleginetan; eta ibiltariek, nik bezala, logure izugarriko aurpegia zuten. Batzuek zonbiak edo horrelakoren bat ziruditen begirada neke haiekin, igandean festa izugarriren batera joan izan balira bezala. Dena den, ez ginen asko kaleetatik genbiltzanok goizeko ordu haietan. Beste guztiak haien oheetan lotan egongo ziren lanera joateko asmo barik.
Kalean biratzean, entzun nuen egun guztietan  ordu berean entzuten nuen akordeoi soinua. Gizon zahar batek jotzen zuen, zenbait piltzar jantzita, baina beti irriño bat bisaian. Bazirudien, astelehena izatea bakarrik berari gustatzen zitzaiola, eta hori pentsatzeak niri barrea eragin zidan, baita umorea hobetu ere. Beharbada, egunen batean, kafe bat hartzera gonbidatu beharko nuke, bera baitzen egunero bere musikarekin pozten ninduen bakarra. Gizona agurtu eta gero, nire bidea jarraitu nuen bulegorantz.


Nerea Mazón

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina